XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Orain arte solaskide izan dudan isiltasuna isilduz, ahots ezti eta xume bat entzun da pareta zurrunen atzetik:

- Ikatz, goazen kanpora.

- Nahiko zigor bada errugabe batentzat.

- Baina, baina, nor da bihotza jauzika eta hitzak dardarka dit eta?

Argi da! Gutxien espero nuen laguna.

Txakurraren begiek, uhinik gabeko itsaso zabal bat gorpuztu dute, bere begi-niniek adiskidetasunaren kaira doazen txalupatxoak diruditelarik.

Hitzik tartekatu gabe eta ardi zintzarrien hotsera, eskolaraino iritsi gara.

Aurrekoan bezala, lehen iladako eserlekuan jezarri naiz, baina oraingo honetan Argi txakurra lagun dudala.

Ez, beste aldean ez da inor eseri, agian bihar...

Burua altxatzeaz batera begi gandotuak itxaropenaren ispilu diren hitz urreztatuetan murgildu dira, arbelean etorkizun oparoa islatuz:

ERLIJIO, KOLORE, SEXU, ARRAZA ETA EDOZEIN ARRAZOIREN GAINETIK, IZAKI GUZTIAK ASKE GARA JAIOTZEZ, ETA BERDINAK DUINTASUNEZ ETA ESKUBIDEZ

Gai hau abiapuntutzat harturik, irakaslearen gonbiteari jarraiki, mahainguru bat egin dugu.

- Bbbbeeee! Elkartasuna, bakea, justizia, adiskidetasuna, maitasuna,...

Gozotasunez zipriztindutako malkoak lore bihurtu dira begi eta ezpainen arteko erretenean.

- Bbbbeeee! Bbbbeeee! Bbbbeeee!